Agur, Agur!

Haur literatura

Agur, Agur!
ISBN: 9788497469340

Argitaletxea: Erein

Edizio urtea: 2015

Miren Agurtzane deitzen naiz, baina izena moztu eta Agur deitzen didate guztiek. Neska txiki samarra naizelako izanen da. Nire gurasoak bananduta daude. Astean zehar amarekin bizi naiz, eta asteburuetan txandaka. Nire gurasoak banandu egin dira, eta ni triste nago oso. Nahiz eta berdin edo gehiago maiteko nautela esan didaten, nik ez dakit sinetsi ala ez.

Zerua berun

Helduendako albumak


ISBN: 9788483949160

Argitaletxea: Ibaizabal

Edizio urtea: 2014

 

 

 

Poema luze bat da album honetako  testua, prosa poetiko laburra, beraz.

“Garbi neukan ezin nuela narrazio klasiko bat egin” adierazi zuen Castillo Suarezek liburuaren aurkezpenean. “Nik ongi menderatzen dudana prosa poetikoa da.”

Lehen pertsonan idatzia, sentimenduak eragiten dituen irakurketa dugu, malenkoniatsua da sortzen duen giroa. Kontatzen dena aldentzen doazen bi pertsonen harreman sentimentala da, beldurra bakardadearen aurrean, hitz ez-ulertuak, sendatu gabeko zauriak, barnera bilduta eta zalantzaz beteta bizi den pertsona baten gogoetak dira.

“Presentzia eta absentziaren arteko jokoa islatu nahi nuen. Gehiago da kontatzen ez dena kontatzen dena baino”. Eta hala da, ez da gehiegi zehazten, narratzaileak ez du azalpenik ematen, irakurleari eta ilustratzaileari uzten zaie istorioa osatzeko aukera. Oso ipuin atmosferikoa gelditu zaiela aipatu zuen idazleak, eta esate horrek ondo deskribatzen du ipuinaren giroa. Ez da kasualitatea albuma Joseba Sarrionandiaren aipuarekin hastea: Zerua itsaso zikin bat da. Bete-betean aukeratutako esaldia, poemaren atmosferarekin bikain ezkontzen dena.

Elkarrekin dantza egiten dute testuak eta irudiak, hitzak bezain intimoak dira marrazkiak. Elurpean emakumearen gorputz siluetak antzematen dira, txoriak protagonista. Mutuberriak normalean erabiltzen duen teknika tinta eta akuarelaz osatua da. Horrela hurbildu da liburura, irudimena martxan jarri eta irakurketa zabala eskaini digu. Paisaia gris eta pisutsua azalduz, beruna legez, urdin-gris eta ilun. Naturaren indarra da iradokitzen diguna, leuna batzuetan, gogorra beste hainbestetan.

Album ilustratu ederra, aberatsa, ausarta, sailkaezina, soseguz dastatzekoa, behin eta berriz irakurtzeko eta interpretatzeko parada ematen duena, testuak eta ilustrazioek barnean ezkutatuta dituzten zalantzak argitu arte.

(Asun Agiriano)

Ebelina Mandarina

Haur literatura

Ebelina MandarinaISBN: 9788497465670

Argitaletxea: Erein

Edizio urtea: 2010

Nire etxea kolore askotakoa da. Urdina du goiko aldea, udako zerua bezala, eta gorria behekoa, amak ezpainak margotzen dituen kolore berekoa. Nire etxea tokiz aldatzen da egun batetik bestera, baina ez naiz barraskiloa. Ni zirku batean bizi naiz. Ez da zaila hori ondorioztatzea nire etxeak gurpilak dituela esaten badut, eta nire ama trapezista dela. Ebelina dut izena. Amak eta amonak ere Ebelina dute izena. Horregatik deitzen didate Ebelina Mandarina. Horregatik eta nire ilearen koloreagatik. Batzuentzat gorria da; besteentzat laranja.

Mugarri Estaliak

Helduendako poesia

Mugarri estaliak ISBN: 9788486766092

Argitaletxea: Susa

Edizio urtea: 2000

Egia bezain gordina, bizitza bezain bortitza eta errealitatea bezain ironikoa da Castillo Suarezen Mugarri estaliak poemategia.

Hogei poemako hiru ataletan dago banatuta liburua: Bidaia antolatuak, Maitasuna zedarritzen dute eta Sententzia baliogabeak.

Poema liburu orekatua da, bai atal bakoitzean bilbatu dituen poema kopuruari dagokionez eta baita gaiaren tratamenduari dagokionez ere. Poema bakoitza gorputz bat da, poema bukatu bat, eta sufrimenduaren deskribapena oinarri duela, poema liburuak hiru muga eta hiru memento deskribatzen ditu: muga bezala aurkeztuko dituen antolaketa, lurraldetasuna eta maitasuna batetik, eta leku batean kokatuta dagoenaren, bidaiariaren eta ihes egin nahi duenaren erabakitze mementoa bestetik.

Castillo Suarezen poesiak ez du edergarririk, ez adjektiborik. Ideiak eta sentimenduak iradoki baino areago sententziatu egiten ditu. Egunerokotasuna bezain gai arrunta ironiaz tratatzen du idazleak: ironia eta antitesiaren erabilerari esker, gai bakoitzaren bi aurpegiak erakutsi nahi izango dizkigu altsasuarrak: errealitatea eta errealitatea ez denaren munduan mugitzen dena: ustea, ametsa, hipokresia, nahia… Ironia erabiltzen du halaber egiaren gordintasuna amiñi bat leuntzeko.

Idazle gazteari halako tristura egoera konstante bat nabari dio irakurleak poemategi osoan zehar. Eta ezinaren edo mugen aurrean gogaituta agertzen zaion poetaren hitzetan murgil egitean, poetaren itolarria sentitzen du irakurleak ere.

(Ana Urkiza)